5. Altxatze Tektonikoa
Aurreko fasea jasan eta gero, gure arroka sedimentarioa eratuta egongo da. Baina, esan bezala, litifikazioa lurpeko sakonera handian eta gaineko sedimentu pilaren pisupean ematen da. Arroka sedimentario honek, hondoratzen jarraituz gero, beste prozesu batzuk jasan ditzake, hura metamorfizatzea eragin dezaketenak. Horren ondorioz gure arrokak, sedimentario izateari utzi eta metamorfiko bilakatuko litzateke. Hortaz, ondorioztatu daiteke gure eskualdeko arrokak, metamorfizatu baino lehen azaleratu zirela, altxatze tektonikoa eragin zuten indar tektonikoei esker.
Hurrengo esperimentuari esker, gure eskualdeko arrokak azaleratzea eragin zuen altxamendu tektonikoa simulatuko dugu, geruzatutako materialetan nola eragiten duten aztertzea baimenduko duena:
Altxamendu tektonikoaren ondorioz, mendi puntetan itsaspeko sedimentuez osaturiko arroka sedimentarioak topatzen ditugu. Horretaz gain horizontalean metatutako geruzak, gaur egun erakusten duten okerdurarekin azaleratzea eragin zuten, baita topatu ditzakegun hainbat tolesdura eta failen agerpena.
Anboto mendilerroko tontorretan, itsaspeko metakinez osatutako kareharriak topatzen dira.
Barrikako labarretako tolesak
Geruza okertu eta failatuak Zumaian
NONDIK DATOZ GURE ESKUALDEKO ARROKAK ALTXATZEA ERAGIN ZUTEN KONPRESIO INDARREK?
Honi erantzuteko, denboran atzera joan eta Kretazeoan Berantiarrean hasi eta Paleogenoan zehar eman ziren mugimendu tektonikoei erreparatu behar zaie. Momentu hartan, Iberiar plaka tektonikoa, Europatik banatuta zegoen eta horretaz gain, horrekiko mugimendu konbergentea erakusten zuen, hau da bata bestearen kontra mugitzen ziren. Horren ondorioz, konpresio indar handiek jokatu zuten, Pirinioak altxatzeaz gain, esperimentuan ikusi dugun bezala, inguruko eskualdeak tolestu, failatu eta altxatzea ekarri zutenak.
