3. Sedimentazioa
Momenturen batean, partikulak garraiatzen ari duen eragileak energia galtzen du, malda txikitzen delako edo oztopo bat topatzen duelako adibidez. Energiaren galeraren ondorioz, garraiatzen ari ziren partikulak metatuko dira, gune lau eta hondoratuetan orokorrean. Honi Sedimentazioa deritzo, aztertzen ari garen zikloaren hurrengo fasea.
Sedimentuak lurrazalaren gainazalarekiko
paralelo metatzen dira, geruzak sortuz.
Sedimentu berriak ailegatzen diren heinean, geruza berriak metatuko dira
zaharragoen gainean.
Sedimentu geruzak, sedimentuak garraiatu dituen eragile geologikoaren isla izango dira. Adibidez, legarrak metatu diren eskualdean, oso finak diren buztin partikulak metatzen diren beste eskualde batean baino eragile energetikoagoak eragingo du. Hortaz, geruzen sekuentziak, ingurune sedimentarioaren bilakaera biltzen duen liburuaren orrialdeak bezala kontsideratu daitezke. Orrialde bakoitzean metaturiko sedimentuak aztertuz, adibidez pikorren itxura, tamaina, fosil edukia… hauek metatu zireneko baldintzen berri izango dugu. Goazen sedimentazio sekuentzia bat simulatzera!
Proposatutako esperimentuan, ibai baten sedimentazio sekuentzia simulatu dugu. Hala ere merezi du aipatzea gure eskualdean azaleratzen diren arroka gehienak itsaspean metatu ziren sedimentuez osatuta daudela. Aldi berean, gure eskualdeko arroka sedimentarioetan topatzen ditugun fosilak, izaki bizidunen aztarnak, hauek metatu zireneko ingurunea nolakoa zen ulertzen laguntzen digute.
Aldi berean, ingurune jakin batean sedimentazioa ematen ari den bitartean, meteorito batek lurra jotzen badu edo handik gertu sumendi baten leherketa ematen bada, kasu batzuetan, sedimentuetan geruza bereizgarri bat bezala islatuta geratzeko aukera dago. Gure inguruan, badaukagu mota horretako gertakariak islatzen dituzten adibideak:
Aurreko Zumaia eta Debako bi adibideek arroken geruzapenak adierazten dituzte, eta ez sedimentuenak. Sedimentu solte eta askeetatik arroka zurrun bat emateko parte hartzen duten prozesuak zeintzuk eta nola jokatzen duten ezagutzeko, jarraitu zikloaren hurrengo fasearekin.